XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Osagai hauetatik sortzen da arimaren irakaspen hutsaren adigai oro elkarketaren bidez soilik, beste ezein printzipiorik berrezagutu gabe.

Substantzia honek barneko sentsuaren objektu soila den aldetik materiagabetasunaren adigaia eskuratzen du; substantzia bakuna den aldetik ustelezintasuna; bere identitateak, hura substantzia intelektuala den aldetik, pertsonatasuna; hiru atal hauek batera espiritutasuna; espazioan dauden objektuekin hartuemanak gorputzekin commercium-a eskuratzen du; eta beraz, substantzia pentsatzailea materian dagoen bizitzaren printzipio gisa aurkezten du,

h. d., arima (anima) gisa eta aberetasunaren oinarri gisa; honek, espiritutasunaren bidez zedarriztatua, hilezkortasuna eskuratzen du.

Honi lotzen zaizkio arimaren irakaspen transzendental baten lau paralogismoak, faltsuki gure zerizan pentsatzailearen izaerari buruzko arrazoimen hutsaren zientziatzat hartzen den irakaspenaren paralogismoak, alegia.

Bere oinarrian, ordea, nia errepresentazioa, hots, berez erabat kaskala den errepresentazio bakuna besterik ezin dugu ezarri, eta honetaz ezin da esan adigai bat denik ere, baizik adigai guztiei lagun egiten dien kontzientzia soila dela.

Pentsatzen duen nia, edo Bera, edo Zera (gauza bat) horren bitartez ez da pentsamenduen subjektu transzendentala baino errepresentatzen = X, bere predikatuak diren pentsamenduen bitartez besterik ezagutzen ez dena, eta hortaz, honetaz inoiz ezin dugu ezein adigai bereizturik ere izan;

eta horregatik, zirkulu jarraituan jiratzen gara bere inguruan, bere errepresentazioa jadanik beti erabili behar dugun heinean, beraz edozein judizio egitearren;

beretik banandu ezin daitekeen deserosotasuna da hau, zeren kontzientzia bere baitan ez baita objektu berezi bat ezberdintzen duen errepresentaziorik, baizik bere forma oro har, honi ezagutza deitu behar zaion heinean; izan ere, honetaz soilik esan dezaket bere bitartez zerbait pentsatzen dudala.

Itxuraz hasiera-hasieratik bitxia izan behar du, ordea, pentsatzeko dudan baldintzak, eta beraz, nire subjektuaren antolaera soila denak, aldi berean pentsatzen duen ororentzat baliogarria izan beharrak, eta enpirikoa dirudien esakune batean judizio apodiktiko eta orokorra oinarritzeko handiustea eduki ahal izateak, hots, pentsatzen duen gauza oro kontzientziaren ahotsak nigan adierazten duen eran egituratua egoteak.

Honen zergatia, ordea, honetan datza: